
MUSIKALDI 2026
Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen Musikaldi jaialdi handia Legazpin ospatuko da aurten, maiatzaren 23an.
Aurtengo edizioan, 34 musika eta dantza eskola elkartuko dira, eta 1.700 musikari eta dantzari inguru bilduko dira herrian. Ekitaldiak euskal kulturaren eta hezkuntza artistikoaren erakusgarri zabala eskainiko du.
Egitarauari goizeko 10:00etan emango zaio hasiera, Euskal Herria plazan. Ondoren, instrumentu ezberdinetako kalejirak egingo dira, kontzertuen aurretik eta ondoren, herriko kaleak girotuz.
Musikaldik bost gune izango ditu Legazpin zehar banatuta: Euskal Herria plaza, Urbeltz pilotalekua, Kale Nagusia, Agirre-Etxeberri (Musika Eskola) eta Laubide oinezkoentzako gunea. Gune horietan, 10:30etik 14:30era bitartean, musika eta dantza emanaldi ugari eskainiko dira.
Egitaraua Doinua Musika Eskolak antolatu du, Legazpiko Udalaren laguntzarekin eta Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkartearen zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes eta finantzazioarekin.
Musikaldik, beste behin ere, musika eta dantzaren bidezko topaketa, elkartruke eta ospakizunerako gune paregabea izango da. Herritar guztiak gonbidatuta daude Musikaldin parte hartzera eta goiz osoan zehar musikaz eta dantzaz gozatzera.

